XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hau bezain auzigai bizirik ez da, ordea, agertu.

Espero izatekoa zen hori.

Bagenekien alegia, erantzun lotuetatik bertatik, beste hainbat alorretan adinako adostasunik ez dagoela puntu horri dagokionean: menpeko eguzki-lore edo liburu-azoka izen-elkarteetan, telebista-konpontzaile edo datu-bilketa sintetikoetan eta (hegazkin) punta-zorrotz modukoetan ageri da, batez ere, adostasunik eza.

Lehenengo bi multzoetan bereziki, hirugarrenean besterik baita hainbatean.

Ez pentsa, ordea, eztabaida osoa bizpahiru puntu horietara bakarrik mugatua dagoenik: erraztasunaren izenean, hizkuntzak berak hala eskatzen omen duelako edota beste arrazoibideren bat dela medio, salbuespenak salbu beti bereiz edo beti marrarekin idatzi nahi luketenak ere ez dira tartean falta.

Gutxienak dira, ordea, mutur banatako aldezle horiek.

Gehiago ditugu, aldiz, batezbestean bereiz idazteari hobe deritzotenak edota normalean, sintagma-eraikuntza jakin-mugatuetan, marrarekin idaztearen aldekoak.

Bi multzo nagusiok xeheago mugatzen dituzte beren irizpideak.

Eta, asko zein gutxi, batzuek eta besteek beren lekua eskaintzen diete idazkera lotuari, bereiziari eta marra bidezkoari.

Ahal delarik bereiz, marra gabe idatzi nahi dutenek hiru eragozpide ikusten dizkiote, nagusiki, eguzki-lore, telebista-konpontzaile edota maiztasun-azterketa moduko marra-idazkerari:

- Itsusitasuna: prusianismoa, suban-estrujen-bajen-deutschen-kutsua hartzen zaio marra-bideari, zenbait erantzuleren hitzez esateko.

Antiestetikoa da, horien ustez, marra bidezko idazkera.

Gehienak ez dira iritzi horretako; baina multzo kunplitua osatzen dute marra bidezko idazkera begi-mingarri gertatzen zaiela diotenek.

Aintzakotzat hartu beharreko erreparoa da hau: gustatzen ez den idazmoldeak nekez egingo baitu, Hizkuntz Akademiaren hobespen-aitormena berekin izanik ere, bide luzerik.

Non ote du estetikarik ez horrek bere iturria?

Erdal estetikan, beste erantzuleren baten hitzetan esateko.

Litekeena da azken hau.

Bizi garen inguramenduan bizi gara noski, eta aurrerantzean ere biziko.

Auzo-hizkuntza nagusiak, gaztelania eta frantsesa, ez ditugu marra bidez elkarturiko hitz-andana libreen zale.

Ingelesa bera, hain albo-albokoa izan ez arren gero eta ezagunago duguna, marragabea da bere hitz-elkarte gehienetan.

Guzti horrek ere eraginik badu: auzo-hizkuntza nagusi horien bereiz idazteko joera horrek markatzen digu, hein batean, zer den euskararentzat eder eta zer trakets.

- Marraren beharrik eza: prosa literario arruntaren ikuspegitik, batez ere, ez bide dago zeinu horren beharrik.

Marrak ez du testu barruko anbiguotasunak argitzen laguntza handirik ematen, testu barruko anbiguotasunak zinez bakanak direlako.

Eta, okerrenean ere, bere-berezkoa (...)